ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK

Dakizuenez aurten erraldoiak eta buruhandiak atera ditugu Lamiako Maskaradan. Jende asko galdezka dabil ea nondik atera dugun dirua hauek erosteko. Hori dela eta, hementxe azalduko dizuegu nola izan den kontua.

Orain dela bi-hiru urte Udalari Erraldoien berrikuntza proposatu genion, geneuzkanak zaharrak eta itsusiak baitziren. Hala ere, genituenak gureak ziren eta genuen diruarekin ezin genituen berriak erosi. Haiek euren denbora hartu zuten erabakitzeko....Denbora aurrera zihoan, eta ez genuenez beraien erantzunik jasotzen, Lamiako Maskarada taldearen antolatzaileok Iruneko artisau batekin (Xabier Garate http://gigantes-garate.com/) hitz egin genuen eta berak emandako aurrekontua Udalari aurkeztu genion. Urte bat erantzunik jaso gabe egon ondoren, zerbait egitea erabaki genuen, eta Udalera beste proposamen batekin joan ginen. Erraldoiak Lamiako Maskarada taldearentzat izan ordez, herriarentzat izatea. Horrela, herriko edozein jaietan erabili ahal izango zituztelakoan. Ideia hau ikaragarri gustatu zitzaien, eta erraldoietaz gain, lau buruhandi egiteko erabakia ere hartu zuten aurreko urrian. Momentu horretatik aurrera, Lamiako Maskarada taldearen parte den antolatzaile bat, Arkaitz hain zuzen, Irunera joan etorrian ibili da dena ahalik eta ondoen egoteko (buruhandiak, jantziak, erraldoien aurpegiak, ...). Zoritxarrez, erraldoien jantziak ez datoz guztiz bat Maskaradarekin, hala ere hurrengo urterako, Lamiako Maskarada taldeak, jantzi berriak eskatzeko asmoa du.

Lamiako Maskarada taldea oso pozik dago Xabier eta Benitok egin duten lanarekin eta hementxe ikus ditzazkezue lehenengo zirriborroak baita azken lanak ere. Lamiako Maskarada 2016 ospatzeko urte oso bat geratzen da oraindik, baina zorionez Leioako Udalak beste jaietan ere erabiliko dituenez, zuek hauetaz gozatzen jarraituko duzue.

Espero dugu kontu hau argi geratzea: erraldoiak eta buruhandiak UDALAK ordaindu ditu eta beraz beraienak dira; Lamiako Maskarada taldeak urtero erabiliko ditu Maiatzaren azken ostiralean baina edozein jaietan ere gozatuko ditugu Leioatarrok.

Mila esker Leioa Udalari, Xabi eta Benito hain jatorrak izateagatik eta Lamiako Maskarada taldeko antolatzaileei hain gogor lan egiteagatik, denon artean lortu egin dugu!


iruzkinik ez: